XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IV. DIRUAREN DESMATERIALIZAZIOA.

Orain arte diruari buruz aritzean, hau moneta metalikoaren itxurapean agertzen zela aurresuposatzen genuen.

Gaur egun diruaren agerpide nagusia bestelakoa da ordea; urre bihur ez daitekeen moneta-papera da jaun eta jabe.

Honek kontraesan edo ukatu egiten ditu lehenagoko azalpenak.

Nola iritsi gara, bada, egoera berri honetara?.

Merkataritza garatu ahala, metalezko monetaren erabilerak gero eta eragozpen handiagoak zekartzan.

Adibidez, nazioarteko merkataritza haztean, metal-kantitate handiak eraman beharra zegoen herri batetik bestera eta hori, orduko kamino eta bideen egoera txarra ikusirik, garesti samar irteten zen, arriskutsua izateaz gainera.

Esku batetik bestera igarotzeaz, monetak narriatu, desgastatu, egiten ziren.

Mila moneta-mota zeuden, herri bakoitzak berea zuen, eta zaila izaten zen bakoitzaren egiazko balioa ezagutzea.

Merkataritzaren hazkunde biziak, metalezko monetaren beharrizana handitzen zuen; baina premia horri erantzuten ez zen erraza: meatoki berriak ireki behar ziren eta horrek denbora eta gastu handia eskatzen zuen... Hori zela eta, metalezko monetaren ordez erabiliko ziren zeinu batzuk sortu beharra nabaritu zen (ganbio-letrak, kreditu-transferentziak...).

Hasieran hauek moneta-paper bihurgarriak ziren (moneta-paper hori zeukanak nahi izanez gero, urre bihur zezakeen), baina aldian barrena, moneta-paper ez-bihurgarri bilakatu ziren.

Baina guzti horrek ez ditu ukatu edo gezurtatzen lehenago azaldutako monetari buruzko teoria marxistaren erakuspenak.

Ekonomia marxistari eskainitako orrialde gutxi hauetan ezin luza gaitezke aditzera ematen eta frogatzen nola eta zergatik moneta-paper ez-bihurgarria ulertzeko metalezko monetaren izaera eta eginkizuna aztertu behar diren.

Nolanahi ere, ez dugu hau ahantzi behar: merkantzien zirkulazioa elikatzeko beharrezko den urre-kantitatearen balioa, kapitulu honen III. puntuan azaldutako diruaren zirkulazio-legeak determinatzen du.

Estatuak sortu ahal izango du gura duen hainbat moneta-paper, baina moneta-paperak, aipatutako lege horren arabera beharrezko den urre-kantitatearen balioa bakarrik ordeztuko du.

Dakusagun hau argibide batez:.